Jaulkipen data: 11 maiatza 2017

Art Contemporani. Zoe (Lost Origin) y Jordi Casamajor (Omphalos)

KONTSULTATU TARIFAK

Art Contemporani. Zoe (Lost Origin) y Jordi Casamajor (Omphalos)

HISTORIA

Art Contemporani. Zoe – Jordi Casamajor


Arte Garaikidea izeneko seriean jaulkipen berezia egingo da aurten bloke-orrien formatua erabilita, La Massanako “Tallers d’Art” delakoaren finalera iritsitako artelanei eskainitako bi zigilu aterako baititu. Artelan horiek Venezia 2017ko Biurtekoan Andorrako Printzerria ordezkatzeko lehiatu ziren. Lehiaketako obra irabazlea Eve Ariza artistaren “Murmuris” izan zen, eta Veneziako Biurtekoan erakutsiko da.
Lost Origin eta Omphalos izan ziren, hurrenez hurren, Zoe eta Jordi Casamajoren proposamenak. Bi artelanek bizi garen mundu industrializatuari kontrajartzen zaizkion antzinako munduari lotutako sinbolismoaren erabilera partekatzen zuten; kontrajartze horrek, izan ere, gaur egun gizakiaren izateari buruz hausnartzera generamatzan.
Zoe (Eva Martínez) 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duen andorratar artista da. Akademizismo piktorikoaren bidetik hasi zen, baina abstrakziorako joera nabari zaio azken obretan, hainbat teknika eta euskarri ausardiaz nahasten dituelarik, egurra, metala eta beira esaterako; zirrara eta hausnarketa bilatzen ditu beti elementu sinboliko abstraktuetatik abiatuta, zeinetan emakumeak zeregin erabakigarria duen.
Bere proposamena, Lost Origin, goian azaldutako ildo horretatik doa; ehunez egindako panpina erraldoi bat gauzatu du bertan, jatorrizko Venus bailitzan, zeinak arimarik gabeko gorputzak sortzen baititu, hots, gehiegizko teknologiaren ondorioz eta geure sustraietatik aldenduz gaixotzera bultzatzen gaituen ingurumen kontrolaezin baten kariaz “huts egindako giza bizitzak”.
Jordi Casamajor eskultorea da, Andorrako labar-artearen ikertzaile amorratua. Bere artelanetan Pirinioetan ikertuz aurkitzen dituen historiaurreko grabatuetako sinbolismoa eta formak proiektatzen ditu.
Bere estilo pertsonala oso ondo ageri da Omphalos obran. Arbasoen erritual bat irudikatzen duen eskultura multzo batek osatzen du lana; erritual horretan, Pirinioetako sustrai mitologiko, pagano eta etnografikoetan oinarritutako animalia fantastiko batzuk bueltak ematen dituzte era zeremoniatsuan Omphaloaren aurrean, hau da, gurtzen duten gune magiko eta sakratuaren aurrean.
Ardatz nagusia modu artifizial, argitsu eta industrialean irudikatu du, eta egungo munduko sakratutasun berria sinbolizatzen du horrela, jatorrizkoari kontrajarriz. Obrak ikuslearen konplizitatea du helburu, multzoaren barnean sartu eta instalazioaren inguruan bueltak eman behar baititu; era horretan, nahi gabe parte hartzen du arbasoen erritualean, eta jatorrizko munduaren eta oraingoaren artean den aurkakotasunari buruz hausnartzera bultzatzen du ikuslea.