Jaulkipen data: 05 ekaina 2017

Fulles d arbre. Bedoll

KONTSULTATU TARIFAK

Fulles d arbre. Bedoll

HISTORIA

Fulles d’arbres. Bedoll (Urkia)

Zalantzarik gabe, Andorrako Printzerriak duen baliorik handi eta garrantzitsuenetako bat da natura. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, maiz islatu da Printzerriko jaulkipen filatelikoetan.
Ohiko jaulkipen horiei, Fulles d’Arbre izeneko serie berria gehitzen zaio aurten, Andorrako floran dauden zuhaitz-mota nagusien hostoak biltzen dituena.
Serie horretako lehen zigilua urkiari (Bedoll) eskainita dago. Jaulkipen horrek aipatutako zuhaitzaren hostoaren itxura bereizgarriaren estanpa du.
Urkia zuhaitz edo zuhaixka hostogalkorra da. Iparraldeko hemisferioko eskualde hotz zein epeletan hazten da, eta munduko ia kontinente guztietan aurki daiteke: Europa eta Asiako eskualde ugaritan, Ipar Amerikan eta Afrika iparraldean. Iberiar penintsularen kasuan, iparraldean aurkitzen dira, Pirinioen mendebaldetik Galiziaraino, baita penintsularen iparraldeko eskualde menditsuetan ere.
Zuhaitzaren izenak latinean du jatorria, Betula, eta hura ere zelterako Betu hitzetik dator.
Betula generoak hogeita hamar bat espezie biltzen ditu, eta horien artean urkia edo Betula Pendula da ohikoena. 25 metroko altuera izan dezake, enbor argala du, oro har, eta azal ilun eta lisoa du hiruzpalau urte dituen arte. Hortik aurrera, zuri bilakatzen da, zilar-kolorearen ukitu bereizgarriarekin. Hosto txikiak ditu, erronboide-formakoak, horzdunak eta lobuluak izan ohi dituztenak.
Egurra, zuria, sendoa baina aldi berean arina da. Ia-ia ez da erabiltzen kanpoko arotzerian, giro hezeetan nahiko erraz hondatzen da eta. Ebanisterian, berriz, asko erabiltzen da, egur hori erraz lantzen delako barruko altzariak egiteko, torneaketarako, eskalapoiak fabrikatzeko, upelen euskarrietarako, paper-pasta egiteko etab.
Horrez gain, zuhaitz-enborraren azala eta hostoak farmakopean ere erabiltzen dira, propietate sendagarriak dituzte eta.
Espezie honen hedapen geografikoari eta hainbat kulturetan izan dituen erabilerei esker, kulturetako askoren mitologiaren zati bat da urkia. Batzuentzat munduaren ardatza da, edo azpimunduarekin lotzen dute. Zeltek, adibidez, hiletekin lotzen zuten, kristauek altzifrearekin egiten duten antzera.