Jaulkipen data: 08 azaroa 2017

Nadal. Tió de Nadal

KONTSULTATU TARIFAK

Nadal. Tió de Nadal

HISTORIA

NADAL. Tió de Nadal


Haurtzaroko oroitzapenen artean, ezin ezabatu daitekeenetako bat hauxe da: Gabonak Tió de Nadal izenaz ezagutzen den alegiazko izaki kutunarekin batera ospatzea. Gabonetan etxeetan bizi den izaki magikoa, egongelako edo sukaldeko txoko ezkutu batean, bat-batean agertu egiten dena haurrei ezustekoa eta poz handia emanez. Haurrak hura zaintzeaz arduratuko dira, fruta eta barazkiekin elikatuta eta tapaki batekin babestuta (hotz izan ez dadin). Eguberri egunean, familia osoa bildu eta hain ondo zaindu izana eskertzeko gozokiak eta jostailuak ekarriko ditu. Haurrek “Tió, tió caga tió…” abestiaren erritmoan makila batekin kolpeak eman eta opariak agerian geratuko dira.
Tradizioak landa-guneetako komunitateetan eta erritu paganoetan du jatorria, zeinetan naturaren birsortzea beneratzen den neguburuan. Natura zuhaitz baten enborrarekin irudikatzen zen, solstizioa baino aste batzuk lehenago hartzen zena. Gero, errituaz gain, enborra erretzen zen etxean, eta enborrak beroa eta argia ematen zizkion familia osoari, opari gisa. Zenbait kasutan errautsak amuleto gisa erabiltzen ziren, soroak eta uztak babesteko.
Urteak aurrera egin ahala, antzinako tradizio hau eskualde bakoitzaren eta une bakoitzean bizi zen egoera sozial eta historikoaren berezitasunetara egokitu da. Hortaz, aldaketak egon dira errituetan, ohituretan eta abestietan. Gaur egun haurrei zuzenduta dago batez ere. Hori dela eta, enborra alegiazko izaki bilakatu da, aurpegi alaia duena eta Kataluniako txano tradizionala (barretina) daramana, eta tapaki batez estalita dago. Eguberri egunean edo bezperan, opariak "botatzen" dizkie haurrei ipurditik.
Azken urteotan, “cagatió” tradizioa etxeetan ospatu ez ezik ikastetxeetan, elkarteetan eta herri-mailan ere ospatu da, jai herrikoien antzera.
Tradizioa oso hedatuta dago Andorran eta Katalunian, bai eta Okzitania eskualdean eta Aragoiko zenbait tokitan ere, eta izen desberdinak ditu tokiaren arabera, besteak beste honako hauek: Tió de Nadal, Tronc de Nadal, Soca, Xoca, Cachafuòc, Tizón, Toza edo Tronca.
Tió de Nadal izakiak bezala, zigilu honek ezusteko bat ezkutatzen du: egur-itxurako paperean inprimatu da.