Jaulkipen data: 18 apirila 2005

PERSONAJES.- Juan Valera

KONTSULTATU TARIFAK

PERSONAJES.- Juan Valera

HISTORIA

Correos-ek seilu bat eskaintzen dio XIX. mendeak Espainiako Literaturari eman dion pertsonaiarik polifazetikoenetariko bati. Kordobako idazle, politikari eta diplomatiko Juan Valeraz ari gara (Cabra, 1824 – Madril, 1905); aurten, hain zuzen, haren heriotzaren mendeurrena ospatzen da. Seilu horrek (2,21 €ko posta-baliokoa) haren jaioterriko “Aguilar y Eslava” Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakasleen gelan ikusgai dagoen idazle ospetsuaren erretratua irudikatzen du. Enrique Romero de Torres margolariak egin zuen lan hori.

Juan Valera y Alcalá Galiano familia aristokratiko batean sortu zen. Filosofiako ikasketak egin zituen Malagako Seminarioan, eta Zuzenbidekoak, Granadan eta Madrilen. 1847an ibilbide diplomatikoari ekin zion Napoli, Lisboa eta Rio de Janeiron. Azken hiri horretako esperientziak Genio y figura eleberrian islatu zituen. Gero, Errusian jarraitu zion bere bidaldi diplomatikoari, eta handik Espainiara itzuli zen. 1858an Gorteetako diputatu aukeratu zuen, eta 1861ean, Espainiako Hizkuntza Akademiako kide. 1872an Hezkuntza Publikoko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, kargu hori galdu ondoren, karrera diplomatikora itzuli zen. 1881etik 1883ra hor iraun zuen, aurrena Lisboa, Washington eta Bruselan, eta, azkenean, Vienan. Bere lehen eleberrian, Pepita Jiménez (1874), alargun gazte batek apaizgai batekin ezkontzeko jarraitzen duen limurtze-prozesua aztertzen da; eleberri hori argitaratu zenetik, beste batzuk agertu ziren, hala nola: Las ilusiones del doctor Faustino (1875), Fausto doktore bat miniaturan, filosofo zapuztua eta misterioaren mugak gainditzen setatuta dagoen artista zintzo adierazten dituena; El comendador Mendoza (1877), doña Blancak don Fadriquerekin izan zituen adulterio-harremanetan oinarritutako eleberria; Doña Luz (1879) eleberrian, berriz, erakusten du ez erlijiosoak ez sekularrak ez daudela giza amodiotik salbuetsita. Lan horiek urteetan zehar agertuz joan ziren, haren beste jarduerekin (politikoa eta diplomatikoa) tartekaturik; baina, 1895etik aurrera, Valerak bultzada eman zion bere beste aldeari, alde literarioari, alegia. Alderdi honetan oso ugaria izan zen, eta beste eleberri batzuk sortu ziren: Juanita la Larga (1895) eleberriak neska gazte batek mutilzahar batekin ezkontzeko pasatzen dituen gorabeherak kontatzen ditu; Genio y figura (1897) eleberriak Rafaelaren amodio-abenturak kontatzen ditu, eta Morsamor (1899) eleberriak Zuheros erlijiosoak hainbat herrialdetan egindako erromesaldiak kontatzen ditu. Juan Valerak, 1868ko belaunaldiari lotuta baitago, poesia, teatroa, ipuinak, literatura-kritika, gutun-liburuak eta saiakerak ere landu zituen.