Jaulkipen data: 08 ekaina 2006

ARQUITECTURA

KONTSULTATU TARIFAK

ARQUITECTURA

HISTORIA

Arkitekturari buruzko sei zigilu kaleratuko dira, ondorengo irudiak dituztela: Bartzelonako Casa Batlló, Bilboko Campos Eliseos Antzokia, Terrassako Aymerich, Amat i Jover Baporea (Bartzelona), Ur-Biltegia (Albacete), Alfredo Kraus Auditorioa (Palma, Kanaria Handia) eta Autobus Geltokia (Casar de Cáceres).

Bartzelonako Casa Batlló deiturikoa Antonio Gaudi arkitektoaren lan modernista da, eta proiektua eta eraikuntza-lanak 1904 eta 1906 artean egin zituzten, Joseph Batlló ehungintzako enpresariak eskatuta. Fatxadan beira, zeramika eta harea-harria nahasturik ageri dira, eta bihurgune eta gorabeherak dira nagusi, natura gogoan dutela. Eraikinaren goiko aldean portzelanazko gurutze bat ageri da. Balkoiak burdinurtuzkoak dira, eta galerietako zutabeek hezurren itxura gogoraraziko digute. Horrekin batera, Gaudik eskailera eta eraikinaren barruko gela guztiak ere diseinatu zituen, baita altzari, lanpara eta ateak ere. Zigilua, FNMT-RCM-eko Alfredo Adán de Orok grabatua, Government Postage Stamp Printers' Association-ek (GPSPA) ematen duen “2006-2007ko Zigilu kalkografiko onena” saria jaso zuen.

Bilboko Campos Eliseos eraikina Euskadiko Art Nouvau deiturikoaren erakusgarri nabarmenenetakoa da, eta 1901 eta 1902 artean eraiki zuten. Alfredo Acebal eta Jean Batiste Darroquy arkitektoen arteko elkarlanaren emaitza izan zen, lehenengoa kontu teknikoez arduratu baitzen, eta bigarrena dekorazioaz. Fatxada oso modu delikatuan dago apainduta, estilo naturalistan, eta askotariko animalia eta landareen formak ageri dira. Horrekin batera, zeramikazko osagarriak (Daniel Zuloagarenak) eta bihurgunedun burdinurtuzko lanak ere baditu. Osagai apaingarri horiek guztiak ferra-arku handi baten osagarriak dira, ekialdeko herrialdeen oroigarri. Eraikinaren barruko aldea kanpoko aldeaz bat dator, eta aipatu beharrekoa da 1995-1997 urteen artean eraberritu egin zutela.

Vapor Aymerich, Amat i Jover deituriko eraikina 1909. urtekoa da. Kataluniako industria arloko arkitekturaren adibidea eta Europako industria arloko eraikinen erakusgarri ederrenetako bat, Lluís Muncunill-ek eraiki zuen, hau da, modernismoaren arkitekto garrantzitsuenetako batek. Eraikina gaur egun Zientzia eta Teknikaren Museo Nazionala da, eta bertan azpimarratzekoak dira nabeak eta 43 metroko tximinia, eta baita 1897. urteko lurrunezko makina bat ere.

Albaceteko uren biltegiari Eguzkiaren Biltegia ere esaten zaio, eta gaur egun liburutegia da. Eraikina borobil formako gune eder bat da, garai batean uraren biltegia zena, eta kupula batek estaltzen du. Barruan 60.000 liburu baino gehiago gordetzeko modua izango dela uste da. 34 metroko dorrea ere badu eraikin horrek, eta tximinia baten itxura dauka. 1994. urtean berriztatu egin zuten guztia.

Kanaria Handiko La Palma uharteko Alfredo Kraus auditorioa Óscar Tusquets arkitektoaren lana da, eta 1997. urtean inauguratu zuten. Las Canteras izeneko hondartzaren albo batean dago, eta Juan Bordes eskulturgileak apaindutako lau fatxada ditu. Eraikinak helburu bikoitza dauka: batetik, auditorioa da, eta bestetik, biltzar-etxea. Eraikinaren izena Kanariar Uharteetako tenore ospetsu izandakoarena da: Alfredo Kraus.

Casar de Cáceres-eko autobus-geltokia Justo García Rubioren lana da, 1992an amaitua. Hormigoi zuriz egindako korapilo baten itxura du, eraikina, egitura eta materialak denak batera bilduz, eta forma geometrikoak herri hartako eraikinen itxurakoak dira. Zigiluetan fatxada eta eraikinen perspektibak jaso dira.