Jaulkipen data: 07 azaroa 2006

CENTENARIOSV centenario del nacimiento de San Francisco de Javier

KONTSULTATU TARIFAK

CENTENARIOSV centenario del nacimiento de San Francisco de Javier

HISTORIA

San Frantzisko Xabierkoaren Jaiotzaren V. Mendeurrena ospatzeko, Filateliak misiolari unibertsalenaren bizitza eta lana gogoratzen duen seilua atera du. Misiolariak, besteak beste, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko lankidetzan lotura sendoak egin zituen, XVI. mendean.

Frantzisko Xabier edo Xabierkoa 1506ko apirilaren 7an jaio zen Xabierko gazteluan, Nafarroa Garaiko familia ezagun batean. Filosofia eta humanitateak ikasi zituen Sorbonako Unibertsitatean (Paris), eta, ondoren, teologia-ikasketak egin zituen. Frantziako hiriburuan, San Ignazio Loiolakoa ezagutu zuen, eta, beste sei lagunekin batera, pobretasun eta kastitate botoak egin eta Lur Santura erromes joateko promesa egin zuen, Montmartreko Andre Mariaren kaperan. 1537an, apaiz ordenatu zuten, eta Paulo III.ak Jesusen Lagundia onartu ondoren, erlijio-ordena berriaren misiolaritzat joan zen Portugalen mendeko Indietara, Portugalgo erregearen eskariz. 1542an, Goara (Indiako mendebaldea) iritsi zen, eta, han, gaixoei eta behartsuei predikua egin, eta horiek bataiatu eta zaindu zituen, neke eta eskuzabaltasun handiz. Bere apostolutza-lan nekaezinari esker, 40 komunitate baino gehiago sortu zituen, Pesqueria kostan eta Comodin lurmuturrean. Misioen ordezkari unibertsaltzat, San Frantzisko Xabierkoa berriro ere itsasoratu eta Ozeano Bareko eta Japoniako uharteetarantz abiatu zen, 1545ean, eta leku haietan ere beste erlijio-misio batzuk jarri zituen. 1552an, Txinan erlijio katolikoa zabaltzeko bidaia prestatzen hasi zen, baina, helmugara iritsi aurretik, bizia galdu zuen, urte bereko abenduaren 3an, Sancian uhartean (Txinako kostaldearen aurrean). Ekialde urrunetik bidali zituen gutunek lur ezezagun haiei buruzko informazio eta ezagutza ugari eman zuten. Indietako eta Japoniako apostolutzat beneratua izan zen, Gregorio XV.ak 1822an kanonizatu egin zuen eta Pio X.ak FIDE Propagandaren Kongregazio Sakratuaren zaindari izendatu zuen, 1904an. San Frantzisko Xabierkoari buruz dagoen ikonografia ugaria da, eta horietatik Murillo, Rubens, Van Dych, L. Giordano eta Goya margolarien pinturak azpimarratu behar dira, bai eta Martinez Montañesek zizelkatutako estatua ere, Sevillako Unibertsitateko kaperan dagoena. Seiluan, lehen planoan, santuaren irudi bat dago, Elias Salaverriaren olio-pinturatik hartua (Iruñeko Nafarroako Jauregian dago). Seiluaren bigarren planoan, berriz, XIX. mendeko Japoniako kakemono baten eszena dago, eta, bertan, San Frantzisko Xabierkoa Kagoshimara iritsi zeneko unea irudikatzen da (eszena hori Nafarroako Xabierko gazteluan dago). Zigilua, FNMT-RCM-eko Alfredo Adán de Orok grabatua, Government Postage Stamp Printers' Association-ek (GPSPA) ematen duen “2006-2007ko teknika konbinatuko zigilu onena” (kalkografia eta offset-a) saria jaso zuen.