Jaulkipen data: 12 iraila 2006

Europa

KONTSULTATU TARIFAK

Europa

HISTORIA

Europa saila –PostEurop-eko (Europako Posta Operadore Publikoen Elkarteko) kide diren posta-administrazioek urtero gai komun batez jaulkitzen dutena– aurten gai honi eskainia dago: itsuak gizartean integratzea eta gorrak gizartean integratzea.

Herritar guztientzat aukera-berdintasuna ezartzeko eta ahalmen urriko pertsonak gizartean integratzeko gizarteak duen interesa azken hamarkadetan garrantzi handia hartuz joan diren gaiak dira. Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluak, hain zuzen ere, berariaz aipatzen du elbarri fisikoei eman behar zaien arretan, eta hau dio: “Botere publikoek aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politika egingo dute elbarri fisikoentzat, zentzumen-elbarrientzat eta elbarri psikikoentzat; horiei, eurek behar duten arreta berezia emango zaie, eta bereziki babestuko dira, titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideak egikaritu ahal izateko”. Integrazioak, ezinbestean, heziketa egoki bat, beregaintasun pertsonal bat, lanpostu bat eta kirolerako tokia izango duen kultura- eta aisia-gune bat eskatzen ditu. Arreta goiztiarra eta arazo bakoitzerako tratamendu egokia dira, zalantzarik gabe, integrazioaren zutabeak. Gorrei dagokienez, komunikazio-gaitasuna garatzeko programek, besteak beste, ezpain-irakurketa eta eskuen bidezko zeinuen hizkera ikastea hartzen dituzte. Azken horixe da, hain zuzen ere, zirkulazioan jarri den seiluan islatzen den motiboa.

Itsuen integrazioari eskainitako balioa irudiztatzeko, ONCEk premiazko normalizazioa goiburupean antolatu zuen XXII. Eskola Lehiaketako diseinu irabazlea aukeratu dugu. Lehiaketa horretan, Espainia osoko ikastetxeetako 8 urtetik 18 urtera bitarteko ikasleek parte hartu dute. Saria jaso duen diseinua Feneko (A Coruña) Bigarren Hezkuntzako Institutuari dagokio, eta arabiar zenbakera eta braillekoa dituen teklatu bat eta normalizazioa hitza Estatuko lau hizkuntza ofizialetan idatzia irudikatzen ditu. 1999tik, Correos-ek gizarte-talde baztertuei zuzendutako erantzukizun sozial korporatiboko hainbat planetan parte hartu izan du. Bere programak gizarte-izaerako GKEekin elkarlanean garatzen ditu, hala nola UNICEF, Fundación Bosques de la Tierra eta Payasos sin fronteras, pertsona behartsuenei laguntzeko asmoz.