Jaulkipen data: 02 azaroa 2006

NAVIDAD 2006

KONTSULTATU TARIFAK

NAVIDAD 2006

HISTORIA

Filatelia-bildumagileek bi seilu berri dauzkate beren bildumetarako: Eguberriei buruz ateratako bi seilu autoitsaskorrak. Aurreko Eguberrietan bezala, aurten ere seiluetako batean lan klasiko bat irudikatu da, Cuencako katedraleko Artzainen adorazioa, eta bestean, berriz, lan moderno bat, egungo artista den Belén Elorrietaren Entrañable Navidad izeneko lana.

Cuencako katedrala da Espainiako gotikoaren lehen agerpena. 1183an eraiki zuten, Alfontso VIII.aren emaztearen ekimenez –hau da, Akitania eta Plantageneteko Leonor erreginaren ekimenez–, eta normandiar estiloaren eragina hautematen zaio; hain zuzen ere, horixe da estilo horretan Espainian eraikitako katedral bakarra. Eraikin hori mendez mende joan da osatzen: erromanikoaren garaian hasi zituzten lanak, eta egun elementu abstraktuak ere baditu. Gurutze latindarreko oinplanoa du, eta hiru oinarrizko zati nabarmentzen dira: burualdea, kutsu erromanikoduna, 1183 eta 1207 artean eraikia eta bere baitan kapera nagusia duena, gurutzeko habeartea barne; gorputza, estilo gotiko landuagoan egina eta XII. mendearen erdialdera amaitua; eta girola, oso eder eta galanta, XV. mendearen bigarren zatian egina eta katedralaren barrualdea handitu zuena. Cuencako katedralak baditu nabarmendu beharreko beste elementu batzuk ere: sakristia nagusia eta kapitulu-gela. Kapitulu-gela XVI. mendean eraiki zuten, eta bertako portadako horma-hobietan, bertuteen irudiak ageri dira: beheko aldeko lauetan, bertute kardinalak, eta goikoetan, bertute teologalak. Portadaren buruan, tinpanoa Artzainen adorazioa irudikatzen duen eskultura-multzoaz dago apaindurik. Hain zuzen ere, multzo hori atera da seiluan.

Beste seiluan, esan bezala, Eguberriei buruzko egungo lan bat irudikatzen da: Belén Elorrieta Jové artista madrildarraren Entrañable Navidad. Bertan, ospakizun-jai horiei buruzko apaingarriak ageri dira. Elorrietak hainbat sari irabazi ditu, eta erakusketa asko egina da. Egile honen lanek ñabardura ugariko kromatismo handia dute, eta pintzelkada aske eta naturalak. Konposizioan –itxuraz bakuna– melankolia-kutsua hautematen da. Elorrietak bakarkako hogei bat erakusketa egin ditu Espainiako hainbat galeriatan.