Jaulkipen data: 22 uztaila 2011

CINE ESPAÑOL

KONTSULTATU TARIFAK

CINE ESPAÑOL

HISTORIA

Luis García Berlanga eta Rafael Azcona Espainiako Zinemari eskainitako serie hau oroitzen duten zinematografiako bi izen ospetsu dira.

Luis García Berlanga (Valentzia, 1921-Madril, 2010) zinema-zuzendariak Madrilgo Ikerketen eta Esperientzia Zinematografikoen Institutuan ikasi zuen. Erakunde hori 1947an sortu zen zinema-ekoizpena osatzen duten diziplinak irakasteko. Laster estreinatu zen zuzendari gisa eta, 1951n, Juan Antonio Bardemekin lankidetzan, Esa pareja feliz filma zuzendu zuen. Bi zinemagileak gerra osteko espainiar zinemaren berritzaile nagusitzat jotzen dira. Berlangaren lehen filmen artean Bienvenido Mr. Marshall dago. Film horretan Amerikako ordezkaritza baten bisitaren eta, horrekin batera, salbazioaren zain dagoen herritxo bateko biztanleen soiltasuna islatzen da. Zenbait hamarkadatan, Rafael Azcona gidoilariarekin lan egin zuen, eta elkarrekin filmografia aberatsa sortu zuten: Plácido (1961), El Verdugo (1963), La Escopeta Nacional (1977), La Vaquilla (1985), Moros y cristianos (1987) eta París-Tumbuctú (1999), besteak beste. Espainiako Zinematografia Arteen eta Zientzien Akademiako lehen presidentea izan zen. 1981ean, Zinematografiako Sari Nazionala eta Arte Ederretako Urrezko Domina jaso zituen. 1986an, Arteen Asturiasko Printzearen saria jaso zuen. Plácido filma Oscar sarietarako proposatu zuten eta Todos a la cárcel (1993) filmarekin Zuzendari Onenaren Goya saria jaso zuen.

Rafael Azcona (Logroño, 1926-Madril, 2008) espainiar zinemaren gidoilari bikainenetako bat izan zen. 1950eko hamarkadan, Madrilera iritsi berritan, umorezko La Codorniz aldizkarian lan egin zuen. Hamarkada horren bukaeran, lehen urratsak eman zituen zineman, Marco Ferreri zuzendari italiarrarekin. Harekin eszenaratu zituen El Pisito eta El Cochecito lehen gidoiak. Horietan, ironiaz jasotzen du une hartako Espainiako egoera ilun eta zorigaiztokoa. Zinema-zuzendari handiekin batera lan egin zuen, hala nola aipatutako Berlanga eta Carlos Saurarekin. Azken horrentzat, Peppermint Frappé (1967), Ana y los lobos (1972) eta La prima Angélica (1974) idatzi zituen. José Luis Cuerdarentzat El Bosque animado (1988) gidoia egin zuen eta, horrengatik, Gidoi Onenaren Goya saria jaso zuen. Halaber, La Lengua de las mariposas (1999) egokitu zuen. Beste zuzendari batzuekin ere lan egin zuen, hala nola Fernando Trueba, José Luis García Sánchez eta Manuel Gutierrez Aragónekin. Zinematografiako Sari Nazionala jaso zuen 1982an eta Ohorezko Goya, 1988an. Bere karreran, 80 filmetik gora egin ditu.