Jaulkipen data: 11 urria 2012

ARQUITECTURA

KONTSULTATU TARIFAK

ARQUITECTURA

HISTORIA

Arkitektura sailean aro eta arkitektura-ezaugarri desberdinetako lau museo irudikatu dira; hala eta guztiz ere, aukeratutako lau museoek piezak eta bildumak erakutsi eta zaintzen dituzte, eta jendeari hurbiltzen dizkiote.

Méridan (Badajoz) dagoen Erromatar Artearen Museo Nazionala (gaztelaniaz Museo Nacional de Arte Romano) Rafael Moneo Vallés arkitektoaren lana da, eta 1986an inauguratu zuten Espainiako erregeek. Museoa erromatar kultura ikertzeko eta zabaltzeko gune bat izateko sortu zen, eta bertan Augusta Emeritako aurkikuntza arkeologikoak ditugu ikusgai. Museoak dituen bi eraikinak erromatar galtzada batek bereizten ditu, eta hondar arkeologikoen gainean egindako zubi batek lotzen. Teatroaren eta anfiteatroaren aurrean dago, eta erakusten den edukia eta dagokion kultura arkitektura-estiloak bateratzen ditu.

Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoa (gaztelaniaz MUSAC, Museo de Arte Contemporáneo) León hirian dago. Mansilla y Tuñón Arquitectos Madrilgo estudioko arkitektoek eraiki zuten, eta 2005ean zabaldu zituen ateak. Museoak solairu bakarra du: murruak hormigoi zurizkoak dira, eta kanpotik kolorezko beirate handiak dituzte. Barrualdeko azalera handian pertsona guztientzako espazio batzuk daude, ondo bereizita. Espazio horiek beste gela eta patio batzuetara begira daude, eta, horregatik, hainbat ikuspuntu sortzen dira: luzetarakoak, zeharkakoak eta diagonalak. Museoa XXI. mendeko kultura adierazpenei erantzuteko asmoz sortu zuten. Barruan 1.500 artelan baino gehiago daude, estatuko eta nazioarteko hainbat artistak eginak.

Sevillako Arte eta Ohiko Ohituren Museoa (gaztelaniaz Museo de Artes y Costumbres Populares de Sevilla) Mudéjar pabiloian dago, Sevillako Plaza de América-n. Eraikina 1914koa da, baina museoa 1973an inauguratu zuten. Aníbal González-ek, Sevillako arkitektoak, diseinatu zuen Plaza de América, eta plaza osatzen duten hiru eraikuntza-lanetako bat museoa da. Mugimendu erregionalistaren barnean dago, hau da, beste aro batzuetako estiloak eta materialak (neomudejarrekoak, adibidez) berreskuratu nahi ditu. Funts etnografikoetan, besteak beste, honako hauek bilduta daude: ehunak, laborantza-lanabesak, musika-tresnak, zeramika eta Aste Santuko eta Ferietako kartelak eta litografiak.

Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala (gaztelaniaz Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía) Madrilen dago. 1990ean ireki zuten, arte moderno eta garaikideko museo abangoardista gisa. Lehengo eraikina XVIII. mendekoa zen, eta José de Hermosilla-k eta Francisco Sabatini-k eraiki zuten, San Carlos ospitalearen egoitza izan zedin. Museoa Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten, eta 2005ean, beste eraikin bat ere gehitu zioten, zehazki, Jean Nouvel arkitektoak diseinatutako eraikina. Bi egoitzak lotuta daude hainbat pasabideren eta erdi publikoa den plaza baten bidez.