Jaulkipen data: 16 martxoa 2012

BICENTENARIO DE LA CONSTITUCIÓN DE 1812

KONTSULTATU TARIFAK

BICENTENARIO DE LA CONSTITUCIÓN DE 1812

HISTORIA

1812ko Konstituzioaren Berrehungarren Urteurrena dela eta, oroitzapenezko seilu bat jaulki dugu. Seiluan 1812ko Konstituzioaren luxuzko edizioaren azala, José María de Santiago-k grabatua eta Gorteei eskainia, irudikatuta dago. Luxuzko edizioa 1822an argitaratu zen; hirurteko liberalean, hain zuzen ere. Testu osoa orla arkitektoniko batez osatutako marko baten barruan dago, eta titulu bakoitzaren hasiera edertzen du edukiari erreferentzia egiten dion alegoria batek.

1812ko Konstituzioa testu juridiko liberal garrantzitsuenetako bat da historian. Haren edukia hamar tituluk eta 384 artikuluk osatzen dute. Cádizko Gorteetan onartu zuten 1812ko martxoaren 19an, hots, José Deunaren egunean; hartara, jendeak “La Pepa” esan ohi dio. Konstituzioan bildu ziren oinarri askok indarrean jarraitzen dute gaur egun. Bere garaian, Konstituzioa aldarrikatzeak modernitaterantz pauso bat ematea ekarri zuen, bai eta Antzinako Erregimenaren amaiera ere.

Honako hauek dira Konstituzioaren ezaugarri nagusiak: subiranotasun nazionala; botereen banaketa (legegintza-boterea, botere betearazlea eta botere judiziala); ordezkapen-eskubidea; norbanakoaren eskubideak aintzat hartzea, hala nola adierazpen-askatasuna, prentsa-askatasuna, inprimatzeko askatasuna, egoitzaren bortxaezintasuna, norberaren askatasuna eta jabetza-eskubidea. Era berean, monarkia konstituzionala eta mugatua Estatuaren eredu politiko gisa ezarri zuen, eta herritar guztiak legearen arabera berdinak direla aitortu. Horrekin batera, Konstituzioan jaso zen Estatuan erlijio katolikoa zela erlijio bakarra, eta zeharkako sufragio unibertsala ezarri zuen 25 urtetik gorako gizonentzat (gizonek ordezkari hautesleak hautatu, eta ordezkari hautesleek diputatuak hautatzen zituzten).

Konstituzioa oso denbora gutxian egon zen indarrean: 1812tik 1814ra; 1820-1823 bitarteko hirurteko liberalean, eta 1836-1837 urte bitartean; gainera, XIX. mendearen lehen hereneko gatazka politikoen eragina jaso zuen. Hala eta guzti, Espainiako historiaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan zuen, eta ondorengo konstituzioen oinarriak zehaztu zituen. Amerikako kolonietan ere Konstituzioaren zina egin zuten, eta 1820 eta 1830 urte bitartean independentzia lortu zuten errepublika askoren eredu konstituzionala izan zen. Izan ere, kolonien ordezkari batzuek testua idazteko parte hartu zuten, eta geroago, bere herrialdeetan ere konstituzioa idazten lagundu zuten. Konstituzioa ingelesera, frantsesera, alemanera, portugesera eta italierara itzuli zuten, garai hartan testu juridiko eta demokratiko ospetsuenetariko bat zelakoan.