Jaulkipen data: 30 maiatza 2012

PERSONAJES. ANTONIO MINGOTE

KONTSULTATU TARIFAK

PERSONAJES. ANTONIO MINGOTE

HISTORIA

Marrazkilaria, idazlea, kazetaria eta hizkuntza-akademiako kidea, Antonio Mingote Espainiako Postaren Ohorezko Postaria dugu zigilua irudiztatzen duen Pertsona Ospetsua, umorearen maisu handi horri gorazarre egiten baitio zigiluak.

Ángel Antonio Mingote Barrachina Sitgesen (Bartzelona) jaio zen 1919an, eta Madrilen hil zen 2012an. Darocan, Calatayuden eta Teruelen igaro zuen haurtzaroa. Gerra Zibilean, eta apenas 17 urte zituela, gudarostean izena eman zuen; eta bake-garaian, Filosofia eta Letren karrera ikasi zuen bi ikasturtez Zaragozako Unibertsitatean; geroago, Guadalajarako Infanteria Transformazioko Akademian sartu zen.

1944an, Madrilera joan zen bizitzera, eta bi urte geroago, La Codorniz aldizkarian ekin zion umorista grafikoaren karrerari, bere lagun eta argitalpenaren zuzendari Álvaro de Laiglesia-k gidatuta. Arestian aipaturiko astekari horretan, eta umorez beteriko marrazkiekin, garai horretako gizarte-errealitatea erakutsi zuen, nagusi zen itxurakeria eta zaharkeria barregarri uzteaz gain. 1948an, bere lehen eleberria argitaratu zuen: Las palmeras de cartón. Hizketaldiak eta kafetegiak atsegin zituen, eta hainbat ordu ematen zituen adiskideekin solasean, gogoeta eginez eta paper-zati batean marraztuz.

1953an, ABC egunkarian hasi zen lanean, eta bertan, astero txiste bat argitaratu zuen, hil zen arte. Bere istoriotxoetan esanahiez beteriko eszenatokiak, pertsonaiak eta mezuak aurki ditzakegu. Mingote estamentu guztiekin ausartu zen, eta unean uneko errealitatea kritikatu zuen. Guztira 24.000 marrazki baino gehiago argitaratu zituen egunkari horretan.

1955ean, Don José izeneko umore-aldizkaria zuzentzen hasi zen; aldizkari horretan hasi ziren argitaratzen beren lanak, hain zuzen ere, gaur egun ospetsuak diren hainbat idazle eta marrazkilari. 1974an, El oso y el madroño izeneko komedia musikala idatzi zuen, eta hurrengo urtean, Ese señor de negro telesaila prestatu. Urteek aurrera egin ahala, Mingotek ez zion lan egiteari utzi. Zinemarako gidoiak idatzi zituen, beste eleberri bat argitaratu zuen, irratian kolaboratzaile aritu zen, horma-irudiak margotu zituen, eta abar. 1987an, Espainiako Errege Akademiako kide izendatu zuten, eta hainbat domina jaso zituen bere lanarengatik. 2011n, Juan Carlos I erregeak Darocako Markesaren titulua eman zion.

1998an, eta Correos-ek eskatuta, Correspondencia epistolar escolar izeneko seriea diseinatu zuen; Mantxako On Kixote betiereko obraren hainbat eszena jasotzen dituzten 24 zigiluz osatuta dago serie hori. Hori dela-eta, urte horretan bertan Espainiako Ohorezko Postari izendatu zuten.