Jaulkipen data: 02 urtarrila 2012

TURISMO ESPAÑOL

KONTSULTATU TARIFAK

TURISMO ESPAÑOL

HISTORIA

Turismoaren Munduko Erakundeko datuen arabera, Espainia atzerriko turista gehien jasotzen dituen herrialdeetako bat da, 50 milioi turistatik gora jasotzen baititu urtean. Harea leunez bainatutako hondartzen milaka kilometroak, aberastasun artistiko eta kulturala, gastronomia zabala eta klima eguzkitsua dira (eskualde askotan urtean 300 egun eguzkitsu baino gehiago egoten dira) munduko toki guztietako milioika turista erakartzen dituzten zenbait faktore.

1960ko hamarkadan jarri zen abian turismoa Espainian, “eguzkia eta hondartza” eredu tradizionalari jarraikiz. Aisiarako eta atseden hartzeko toki berriak bilatzen zituzten milaka herritarren (batez ere europarrak) helmuga izan ziren Costa Brava, Costa del Sol eta Balear eta Kanariar Uharteak. Kostaren fisonomia aldatu egin zen gutxika eta ordura arte ez zegoen hotel-azpiegiturak eraiki ziren.

Zenbait urte geroago, turismo-modalitate berriak sustatu ziren, hala nola landa-eremuko, mendiko eta kostako kirol-jarduerena, eta penintsula osoan eta uharteetan bidaiak sustatu ziren pertsona adindunentzako, hotel-okupazio handia lortuz. Turismo kulturala erakargarritasunaren beste indarguneetako bat bilakatu da, lurralde osoan dagoen ondare artistiko askotariko eta aberatsari esker; izan ere, Espainia Gizateriaren Ondare deklaratutako toki gehien dituzten herrialdeetako bat da. Aukerak zabaldu egiten dira paisaien eta espazio naturalen dibertsitatearekin eta horri azken urteotan sustatu den kalitatezko turismoa gehitzen zaio.

Gaur egun, turismoaren sektorea Espainiako ekonomiaren oinarri nagusietako bat da eta, era berean, enplegua sortzen du zenbait jarduera-esparrutan.

Zigiluak trazu sinple eta koloretsuak ditu eta eguzki bat irudikatzen du, argitasuna eta kontrastea emanez, Espainiako kostak inguratzen dituzten ur urdinen gainean.