Jaulkipen data: 14 azaroa 2013

Emisión conjunta España-Japón

KONTSULTATU TARIFAK

Emisión conjunta España-Japón

HISTORIA

.

ESPAINIA-JAPONIA IGORPEN BATERATUA

Espainian eta Japonian, elkarrengandik hain urrun dauden herrialdeetan, lantzen diren loreak eta landare-espezieak aintzat hartzeko, herrialde bietako postek Geranium eta Lespedeza Thunbergii landareei eskaini diete igorpen bateratu bat. Zigilu biak hortzetatik helduta igorri dira.

Landareen zaintza eta, bereziki, loreen zaintza artetzat hartzen da kultura gehienetan. Antzinako irudietan jada ikusten dugu nola gizakioi loreak eta lorategiak zaintzea betidanik erakargarria iruditu zaigun. Txinako, Babiloniako eta Persiako kulturek, ondorengo beste kultura batzuekin batera, agerian utzi dute erakarpen horren froga eguneroko bizitzan.

Espainiako ohiko landare bat geranioa da, Geraniaceae familiakoa. Lorategietan, terrazetan eta balkoietan hazten da, eta zenbait koloretako lore bizikorrak ditu. Hainbat geranio-mota daude, eta ezagunenak geranio arrunta, lorategiko geranioa edo huntz-hostokoa, Pelargonium-a eta lore usaintsuko geranioak dira. Eguzki eta argi ugari behar dute loratzeko. Hotza edo izozteak ez bezala, tenperatura altuak ondo jasaten dituzte. Landare honek usain berezia dauka, eta ukitzean sumatzen dugu. Geranioak oso erraz lantzen dira; eta, oro har, aldaxken bitartez ugaltzen dira. Geranioei gehien eragiten dieten izurriteen artean Afrikako euliak edo geranioko euliak ditugu; beldar-mota bat dira, eta zurtoinak eta hostoak zulatzen dituzte. Hortaz, kaltea ikusi bezain laster, zulatutako hostoak eta zurtoinak moztu behar dira. Horrez gain, armiarma gorriek, landare-zorriek, kukurutxek eta euli zuriek ere kalte egin diezaiekete.

Lespedeza Fabaceae landare-familiakoa da, eta loreak ditu. Japoniar zuhaixka edo hirusta esaten zaio, eta Ipar Amerikako ekialdeko, Asiako ekialdeko eta hegoaldeko eta Australiako lurralde epel eta subtropikaletatik dator. 30 lekadun-espezie baino gehiago daude (esaterako, ilarrak eta babak) eta Lespedeza haietako bat da. Mota batzuk lorategietan landare edergarri gisa hazten dira, eta beste batzuk animaliei jaten emateko erabiltzen dira. Lespedezaren sustraiek lurzorua aberasten dute, eta higadurari aurrera hartzen diote.