Jaulkipen data: 01 urria 2014

Culturas antiguas. Menorca Talayótica

KONTSULTATU TARIFAK

Culturas antiguas. Menorca Talayótica

HISTORIA

ANTZINAKO KULTURAK

Antzinako Kulturei eskainitako serie berriak orain dela milaka urte Iberiar Penintsula eta irletako lurraldeak okupatu zituzten biztanleak gogorarazten ditu. Talaioten herrixkak eta Torretrencadako taula, Menorcan, antzinako kultura horien erakusgarri ezin hobea dira. Osagai berritzaile gisa, zigiluan monumentu hauek dauden tokiko kareharri hauts pixka bat txertatzen da.
Menorcako irlan jendea bizi izan da aspalditik. Historialari batzuek kostaldeko haitz eta labarretako koba eta hilobiak Burdin Arotik daudela diote, eta uharteko historian etapa ezberdinak bereizten dituzte. Uhartean bizi izan ziren antzinako kulturen monumentu bereizgarrienak talaiotak, taulak eta nabetak dira.
Nabetak hilobi-monumentu megalitikoak dira, hezurtegi kolektiboak. Kanpoaldeak ontzi alderantzikatuaren antza du, eta hortik hartzen du izena. Oinplano luzanga izan ohi dute, absidean amaitzen dena, barneko ganberarekin. Biztanleguneak zeudela adierazten dute. Ospetsuena Ciutadellatik hurbil dagoen des Tudon nabeta da.
Talaioten kultura, kareorerik gabeko harrien monumentu erraldoiak dituzten herrixkek ordezkatuta, Mallorca eta Menorca irletako berezkoa da. Talaiotak barruan ganbera txikia duten enbor-itxurako dorreen antzekoak dira. Isolatuta edo herrixken barnean multzoka aurki daitezke. Zein funtzio betetzen zuten ez dago argi, ez baita bat ere osorik kontserbatzen hobeto aztertu ahal izateko. Defentsarako erabiltzen zen zaintza-dorrea izan zitekeen, eta era berean, hilobi-funtzioak ere bete zitzakeen. Halaber, litekeena da tribuko buruzagien etxebizitzen erdigunea izatea, eta etxebizitzaren gelak inguruan edukitzea. Oinplano zirkularra, obala edo karratua izan dezake. Menorcan 200 monumentu baino gehiago daude.
Taulak Menorca irlako berezko monumentuak dira, eta bertan bakarrik aurki ditzakegu. Lurrean sostengatutako harri landu handia da eta horren gainean beste harri bat du horizontalki jarrita, T letra larriaren itxurako eraikuntza osatuz. Egitura arkitektonikoen bermapuntuak izan zitezkeela edo funtzio erlijioso hutsa izan zezaketela uste da.
Torretrencadako taulak, izen berbereko talaioten herrixkan dagoenak, eusteko zutabea du atzealdean, baina esparruko hormak ia erabat desagertu dira. Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten 1966an.
Yolanda Estefanía