Jaulkipen data: 26 ekaina 2015

Año Internacional de los Suelos

KONTSULTATU TARIFAK

Año Internacional de los Suelos

HISTORIA

LURZORUEN NAZIOARTEKO URTEA


Nazio Batuek “Lurzoruen Nazioarteko Urtea” izendatu dute 2015, eta Espainiako filateliak bat egin du mezu horrekin. Lurzoru emankorra ageri da irudian, bertan sortutako fruituekin eta landare-espezie ugaridun baso aberats batekin, eta aldamenean ekosistemaren degradazioaren ondorioz zartatu eta lehortutako lurzorua. Nobedade gisa, hainbat petunia-hazi gehitu dira zigiluan, lema honen ondoan: “Regenera el suelo. Plántame”. ("Birsor ezazu lurzorua. Landa iezadazu".)
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO) arduratu da Lurzoruen Nazioarteko Urtea (2015) sustatzeaz. Hauek dira, bada, aurtengo helburuak: gizarteari eta gobernuari jakinaraztea zer nolako garrantzia duten lurzoruek gizakiaren bizirako; lurzoruak elikadura-segurtasunean, ekosisteman eta garapen iraunkorrean betetzen duen funtzioari buruz heztea; lurzoruak babesteko politikak eta ekintzak babestea eta inbertsioak sustatzea lurzoru osasungarriak garatzeko eta mantentzeko.
Lurzorua lurrazalaren gaineko geruzari esaten zaio, eta emankorra izan ohi da. Landareak bizi eta hezten diren ingurua da, eta duen funtziorik garrantzitsuena elikagaiak ekoiztea da. Hainbat elementuz osatzen da: materia ez-organikoez -hala nola, harea, lohia edo arrokak-, materia organikoez, aireaz, urez eta organismo bizidunez, eta horien arabera izango da lurzoru-mota bat edo bestea eta hala edo halako ekoizpena. Lurzorua baliabide ez-berriztagarritzat hartzen da, lurzoru-zentimetro batek mila urte baino gehiago behar baititu sortzeko.
Gaur egun, lurzoruak arriskuan daude, hiriak handiagoak direlako, basoak soiltzen direlako, kutsadura dagoelako eta klima aldatu delako. Egoera horren aurrean, FAOk erein daitekeen lurrazalaren inguruan neurriak hartu behar direla ohartarazi du, halakorik egin ezean datozen belaunaldien elikadura-beharrei ezingo zaie eta aurre egin.
Elikagai osasungarriak, zuntzak eta produktu medikoak ekoizteko oinarria dira lurzoru osasungarriak, baina, horiez gainera, planetako biodibertsitateari eusten diote, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen dute karbono-zikloarekin, eta ura gorde eta iragazten dute, lehorteetan ezinbestekoa dena.