Jaulkipen data: 13 uztaila 2015

Arte Contemporáneo Español. Chillida

KONTSULTATU TARIFAK

Arte Contemporáneo Español. Chillida

HISTORIA

ARTE GARAIKIDEA
Arte Garaikidea izeneko seriearen protagonista Eduardo Chillida eskultorea da. Bloke-orri bat da serie hau. Zigiluan “Gravitaciones” (1986) izeneko obra ageri da. Izen bereko lan-multzo bat da, paper-zati independenteak eta aldi berean soka edo uztaiekin batuak erabiliz egindakoa. Independenteak direnez paperak mugitu egiten dira eta airea pasatzen uzten dutenez, grabitatu egiten dute.
Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002) XX. mendearen bigarren erdiko Espainiako eskultore onenetariko bat da. 19 urterekin Arkitektura ikasten hasi zen Madrilen, baina ikasketak utzi eta artearen munduan murgildu zen. Ikasturte haietan ikasitako arauek, hots, bolumen eta espazioaren arteko loturak, izugarrizko garrantzia izan zuten gerora egindako lanetan. 1948an Parisera joan zen bizitzera, eta bertan egin zituen lehenengo lanak igeltsuan eta terrakotan Greziako eskultura-lanak oinarri. 1950ean, lehenengo erakusketa antolatu zuen Parisen, eta urte bete geroago Euskal Herrira itzuli zen Manuel Illarramendiren sutegian, Hernanin, lan egin eta burdingintzaren artea ikasteko. Lehenengo piezak, “Ilarik” deritzonak, burdina modu bihurrian lantzen zueneko etapari eman zion hasiera. Urteak pasa ahala, material berriak probatzen hasi eta lehenengo lanak egin zituen alabastroarekin, granitoarekin, hormigoiarekin eta altzairuarekin; azken hori zen gustukoenetako bat ordea.
Chillidaren eskulturetan bolumenak eta espazio irekietara moldatzeko duten gaitasuna dira ezaugarri. Hala, gure kale eta hirietako zati dira. Hauek ezagunenetariko batzuk: “Haizearen orrazia”, Donostian, 11 tonako hiru pieza, itsasoaren eta haizearen arteko harreman estua islatzen; “Foru plaza”, Gasteizen; “Berlín”, Alemaniako hirian, edo “Gure Aitaren Etxea”, Gernikan, sei tona baino gehiagoko obra ikaragarria.
Nazioartean ezaguna da, eta Eskultura eta Arte Ederretako sari garrantzitsuenekin ere saritu izan dira bere lanak. Bere ametsetako proiektu bat gauzatu ahal izan zuen 2000. urtean: Chillida-Leku Museoa inauguratzea, Hernanin. Aire zabaleko gune bat du museoak, lanak eta naturak bat egiten duten lekua.