Jaulkipen data: 14 uztaila 2016

Arte Contemporáneo Español. Jaume Plensa

KONTSULTATU TARIFAK

Arte Contemporáneo Español. Jaume Plensa

HISTORIA

ARTE GARAIKIDEA. JAUME PLENSA

Jaume Plensa Bartzelonan jaio zen 1955ean. Artista polifazetikoa da oso; izan ere, eskultore eta grabatzailea izanik, marrazkian zein eszenografian ere lehen urratsak eman ditu.
Escola Llotjan eta Sant Jordi Arte Ederren Goi Mailako Eskolan ikasia da.
Burdina modelatzen hasi zen galdaketa-tekniken bitartez, figura zoomorfoak gauzatuz. Geroago kristala eta erretxinak erabiliko zituen, baita argiak eta soinuak ere.
Halaber, opera eta antzerkirako elementuak eta dekoratuak diseinatzen eta sortzen lagundu du, batez ere La Fura dels Baus konpainiarentzat.
“Alma de Ebro” izeneko eskultura da bere lan garrantzitsu eta bereizgarrienetako bat, 2008an Zaragozan ospatutako Uraren Nazioarteko Erakusketa zela medio sortua. 11 metroko altuera duen eskultura da, eta Biltzar Jauregiaren aurrean dago kokaturik, Ebro ibaiaren ertzean.
2012an, Arte Grafikoaren Sari Nazionala jaso zuen Kalkografia Nazionalaren eskutik; artistak arte grafikoaren arloan izandako jardunbidea goraipatzen zuen sari honek.
Hainbat herrialdetan egin ditu erakusketak, Frantzian, Estatu Batuetan, Suedian edo Alemanian, esate baterako, eta horietan guztietan harrera ona egin diote.
Artistari buruzko bloke-orrian New Yorkeko Madison Square Park-aren irudi bat agertzen da, etxe orratzen hiriko parke jendetsu bat, alegia. Hara joaten da jendea eguzkia hartzera eta solasean aritzera. Parke horretan, hain zuzen ere, jarri zen ikusgai 2011n artista katalanaren “Echo” deituriko eskultura. Neskato baten burua da, 13 metro eta erdiko altuerakoa. Beira-zuntzezko erretxinaz egina, eta marmol-gelez estalia dago. Eskulturak greziar mitologiako Eko ninfa du inspirazio-iturri; mitoaren arabera, ninfak ahotsa galdu zuen eta besteek esandakoa errepikatzera zigortu zuten.
Artistak dioenez, bederatzi urteko neskato baten aurpegia hartu zuen oinarritzat eskulturaren aurpegiera egiteko, Bartzelonako bere etxetik gertu dagoen jatetxe bateko jabearen alabarena, hain zuzen.
Bloke-orria osatzen duen zigiluan eskulturaren irudia gailentzen da.