Jaulkipen data: 25 maiatza 2018

12 meses 12 sellos. Catedral de León. León

KONTSULTATU TARIFAK

12 meses 12 sellos. Catedral de León. León

HISTORIA

LEÓNGO KATEDRALA

León zigilu baten protagonista da berriz ere, oraingo honetan Leóngo Katedralarena. Bloke-orri honek 12 hilabete, 12 zigilu, 12 probintzia seriearen barruan Leóngo probintziari eskainitako zigiluan agertzen ez zen irudia jasotzen du.

Leondarrek amultsuki Pulchra Leonina izenez ezagutzen duten katedral hau hiriko eta Espainia osoko ikurrik esanguratsuenetakoa da; izan ere, Monumentu Nazional gisa izendatutako lehen eraikina da, 1844ko abuztuaren 28ko Errege Agindua medio. Eraikin gotiko hau, frantses estilokoa, XIII. mendean eraiki zen erromatar bainu zahar batzuen hondarren gainean. Obran parte hartu zuten arkitekto-maisuei buruzko datuak ez dira guztiz argiak, baina uste da hiru izan zirela egileak: Simón maisua eta Enrique maisua, frantses jatorrikoak biak (hortik katedralaren frantses kutsua, Notre Dameko Katedrala edo Saint Denis-eko Basilika baitakartza gogora), eta Juan Pérez maisua, azken hau espainiarra.

Eraikinak aldaketa ugari jasan ditu. Hezetasunak eragindako erortzeen, Lisboako lurrikara ezagunen edo XIX. mende erdialdean gertatu ziren harri-jausteen ondorioz, obra anitz egin behar izan ziren katedralean historian zehar. XIX. mendean Juan Madrazo eta Demetrio de los Ríos-ek egindako zaharberritze handiak eman zion Leongo Santa Mariaren Katedralari egun duen itxura, leialagoa jatorrian zuenarekin.

Eraikinaren kanpoaldean zizelkatutako arkupeak, beirate koloretsuak eta arrosa-leiho ikusgarriak ageri dira, eta barruan, berriz, Espainiako kororik zaharrenetako bat dago. Edertasun handiko eskulturak ditu, Esperantzako Ama Birjina, Amabirjina Zuria edo Amabirjina Sortzez Garbiaren gotiko estiloko irudia, esaterako.

Bloke-orrian katedralaren fatxada nagusia ageri da, eta zigiluan haren erdigunea dator, inprimatzeko hainbat teknika erabilita: erdiko arrosa-leihoa zilar offset delakoan inprimatu da eta ojiba-leihoentzat, aldiz, cold foil teknika erabili da; tinpano nagusiak, bestalde, arraildu-akabera du. Zigilua eta ojiba-leihoak eratzen dituzten beirateak zulatu egin dira.