Jaulkipen data: 07 maiatza 2018

Centenario del Puente Nuevo de Ourense

KONTSULTATU TARIFAK

Centenario del Puente Nuevo de Ourense

HISTORIA

URTEURRENAK. OURENSEKO ZUBI BERRIAREN MENDEURRENA.

Ourenseko Zubi Berriaren inaugurazioaren mendeurrena dela eta, Correosek haren ilustrazio ederra duen zigilu bat jaulki du; eta, horretarako, mende batez Miño ibaiari begira egon den zubiari omen egiten dioten koloreak hautatu ditu .

Zubiaren eraikuntza-lanak Bilboko Construcciones Hidráulicas y Civiles J. Eugenio Rivera y Compañía enpresari esleitu zitzaizkion 1910eko maiatzaren 14an, 1.157.000 pezetaren truke. Izan ere, lehenengo harria urte horretako Corpus egunean ezarri zen, 1910eko maiatzaren 28an, larunbatez, alegia.

Martín Díez de la Banda ingeniaria aritu zen proiektuaren arduradun gisa. Ingeniaritza zibileko proiektu hau oso garrantzitsua izan zen, garai hartan berritzailetzat jotzen ziren sistema aurreratuak erabili zituzten eta.

Harlandu txantiloituaz egindako sei arkuk eta erdiguneko metalezko zati batek osatzen dute zubia.

Antolaketari dagokionez, nahiko konplexua da. Honako hau da egitura ezkerraldetik eskuinera: lehenengo, hiru arku erdizirkular ditu; ondoren, giltzarrian eta euste-puntuetan hiru giltzadura dituen arku paraboliko bat, elkarren artean txarrantxatutako metalezko lau nerbiok osatzen duten gangarekin; eta, horren ondoan, arku karpanel bat eta zirkulu erdiko beste arku bat daude.

Outariz herrixkako harria erabili zen zubia eraikitzeko; apaintzen duten farolak, aldiz, Madrileko Iglesias galdaketa-tailerrak egindakoak dira.

Ourensen gehien erabiltzen den zubia da gaur egun, bai oinezkoek bai ibilgailuek. Egitura sendoari esker, ezin hobe jasan du denboraren eragina, eta hiriaren erdigunean dagoenez, Ourenseko arkitektura-ondarearen pieza garrantzitsu bilakatu da.

Zubi Berria ehun urtez egon da ibaiari so, hiria zaintzen. Ehun urte bete ditu, hortaz, haren historiak eta eraikuntzak, Díez de la Banda ingeniariaren lanak. Zubia eraiki izanagatik, haren izena ezarri zion Ourense hiriak zubitik gertu igarotzen den kale bati.