Jaulkipen data: 12 urtarrila 2018

Fiestas Populares. Festes de Sant Antoni. Artà. Illes Balears

KONTSULTATU TARIFAK

Fiestas Populares. Festes de Sant Antoni. Artà. Illes Balears

HISTORIA

Ikusi, halaber, “Lehen Eguneko Gutun-azala” - “Zigilu-marka”

Urtero bezala, urtarrilaren 17an, gorriz tindatzen dira Mallorcako txoko ugari Sant Antoni ospatzeko.

Musika, torradak, kalejirak, correfoc direlakoak eta animalien beneïde edo bedeinkazio tradizionalak. Ekintza horiek guztiak topa daitezke, besteak beste, uharteko herri desberdinetan. Herri askok ospatzen dute jai hori, baina bereziki aipatzekoak dira Artàko ospakizunak, beren izaera herrikoi eta tradizionala dela eta.

Sant Antoni bezperan, urtarrilaren 16an, herriak es Berenar deritzon gosari tipikoa hartzen du egunsentian, txokolatea eta ensaimadak protagonista dituena, Obrer Major delakoaren etxean. Ondoren, musikarien kalejira hasten da, deabru tipikoek lagunduta, gizakiaren gaiztakeriaren eta tentaldien ikur.

Arratsaldean, herriak San Antonioren bizitzaren pasarteak irakurtzen ditu, bai eta kantikak abestu ere, Lo Elogi, adibidez. Iluntzean, suak pizten dira eta, gar itsugarrien berotan, jendea las Gloses kantatzen hasten da. Sant Antoni gaueko mallorcar abesti tradizional horietako batzuek kutsu erotiko sendoa dute, eta eltzagorraren behe-soinuak dituzte lagun.

Egun handian, urtarrilaren 17an, alegia, prozesioa eta usadiozko animalien bedeinkazioak egiten dira. Meza nagusiaren ostean, s´Argument irakurtzen da, hau da, aurreko urteko gertakaririk esanguratsuenak laburbiltzen dituen idazlan satirikoa.

Zigiluak tradizioa jasota utziko du betiko. Irudian santua agertzen da, deabruek lagunduta, santu eremutarrak jasan behar izan zituen tentazio ugarien zantzu.

Jaulkipena “Herri-jaiak” serieari dagokio. Zigiluetan gure herrialdeko bazter guztietan ospatzen diren jai eta usadio zirraragarriak islatzea du helburu aipatu serieak.