Jaulkipen data: 05 azaroa 2018

Patrimonio de la Humanidad. Alcalá de Henares

KONTSULTATU TARIFAK

Patrimonio de la Humanidad. Alcalá de Henares

HISTORIA

GIZADIAREN ONDAREA. ALCALÁ DE HENARESEKO UNIBERTSITATE ETA GUNE HISTORIKOA

Aurten, 2018an, 20 urte bete dira Alcalá de Henareseko unibertsitatea eta gune historikoa Gizadiaren ondare izendatu zirenetik. Ospakizunarekin bat egin nahi izan du Correosek, eta, hori dela bide, Alcalá de Henareseko monumentu ezagunenak irudikatzen dituen zigilu bat sortu du. Monumentuok dira hiriari benetako izaera ematen diotenak. Horiei esker, gainera, UNESCOk munduko ondaretzat hartu zituen unibertsitatea eta gune historikoa, 1998. urtean.

Zigiluaren erdian unibertsitateko fatxada ageri da, horiz. Rodrigo Gil de Hontañón arkitektoak eraiki zuen fatxada, 1537tik 1561era bitartean, eta eskultura eta erliebe platereskoetan irudikatu zituen alma materrean irakasten ziren ezagutza eta doktrina humanistak. Karlos I.a Espainiakoa erregearen eta V.a Alemaniakoa enperadorearen armarria agertzen da gainean.

Zigiluaren ezkerraldean hiriko sinboloetako bat irudikatu da: zikoina. Hegaztia klaratarren komentuko fatxadaren gainetik doa hegan. Almendra garrapiñatuengatik dira ezagunak klaratarrak, eta produktu hori da hiriko lantegien ikurretako bat; izan ere, gozoa egiten duten komentu eta gozotegi pribatuak aintzatetsi egin dira, produktua arretaz eta tentuz egiteagatik.

Mendebaldea dorre almenadunak osatzen du, zeinak hiriaren muga markatzen baitzuen. Alcaláko jauntxoen artzapezpiku-jauregia ere gailentzen zen. Toledoko artzapezpikuen eraikin zoragarri hori erabat kiskaldu zen Gerra Zibila amaitu eta hilabetera. Hala bada, Espainiako monumentu ederrenetako bat suntsitu zen, Covarrubias arkitekto errenazentistaren patioa eta eskailera zituena. Harresiaren azpian ageri dira, halaber, gaur egun arte iraun duten bi fatxada. Espainiako apezpiku boteretsuenen jabegoko multzoaren handitasunaren isla dira fatxadok.

Beste aldean, Alcaláko beste bi eraikin nabarmen agertzen dira, grisez. Unibertsitatearen azpian Cisneros kardinalak berreraiki zuen Magistral katedralaren fatxada nagusia azaltzen da, dorre lirainarekin eta zeru-koloreko kapitelarekin. Ekialdean, Jesulagunen Eskolaren erromatar fatxada dago, frontoi triangeluarrarekin eta ordena klasikoekin, dotoreziaren zantzu. Estilizatutako piramideek, kristautasunaren betikotasunaren ikur, kanpoko angeluak markatzen dituzte.

Madrilgo hiri honen esentzia guztia biltzen dute horiek guztiek. Santu, sendagile eta idazle famatuz betetako hiriak eman zuen gaztelaniaren hiztun gorena: Miguel de Cervantes.